miércoles, 1 de octubre de 2008
Basamortua
Gutxi gara Nafarroan gaztelania/euskara itzulpen eta zuzenketa lanak egiten dihardugunok modu profesionalean. Eta are gutxiago erakunde publikoetan (Nafarroako Gobernuan, Nafarroako Parlamentuan eta hainbat udaletan) aritzen direnak kontuan hartzen ez badira (ez dut uste dezena bat baino gehiago izanen garenik). Nahi eta behar baino gutxiago badira ere, ez dira gutxi egunerokoan euskaraz topatzen ditugun jakinarazpenak, oharrak, gutunak, kartelak, foiletoak, erakusketak, testuliburuak, webguneak eta abar. Gehien-gehienak gaztelaniatik abiatutako euskaratzeak dira, eta gure lanaren fruitu izan ohi dira. Baina titulazioa lortu nahi izatekotan, aldameneko erkidegora joan behar da (orain, lehen ez baitzegoen ezta aukera hori ere). Ondorioz, geure kasa trebatu behar izan gara (sakontze ikastaroak, ikastaro monografikoak,...), ia-ia modu autodidaktikoan (beste batzuen itzulpenak irakurtzen/aztertzen, gehien bat). Gero, jardutearen eskarmentuak eman digu beharrezko konfidantza. Euskara altxortzat jotzen duen Nafarroa honetan ez dago euskarazko testuak kalitatez sortzeko/itzultzeko aukera ematen duen ikasketa ofizialik-edo: ez Itzulpengintza eta Interpretaritza, ez Euskal Filologia, ez ezer. Nafarroak elebitasunerantz joko badu, profesional onak beharko ditu eta horretarako baliabideak ezarri. Bitartean, basamortua.