martes, 30 de diciembre de 2008
Aitarekin euskaraz
Denon ezaguna da haurtzaroak eta zahartzaroak elkar ukitzen dutela, bizitzaren zikloaren zirkulua osatuz horrela. Hil berri zaigu aita, gaixo luze egon ondoren. Gaixotasunaren azken txanpan, gauzak azaldu, agindu, erakutsi egin behar izan zitzaizkion, ia dena egiten lagundu behar izan genion, haurrei modura. Berriro hezi behar izan genuen, nolabait. Emazteak eta biok alaba hezi berria dugu (eta hezten ari gara oraindik, noski), eta euskaraz hezi dugu gurean. Hartara, aitarekin nengoenean ni, euskaraz ateratzen zitzaizkidan hitzak burutik, alabari egiten ariko bainintzaion. Kontua da aita ez genuela euskalduna, ez eta bereziki euskaltzalea ere, eta ahaleginak eta bi egin behar nituen hitz horiek erdaraz aterarazteko ahotik. Psikolinguistikaren kontuak, antza. Zauden lekuan zaudela, musu handi bat hemen geratu garen guztion partetik, aita.